Kieveko gobernuak Minskeko bake akordioa hautsi duela dio. Eta Mendebaldeak egungo egoeran erantzukizun agerikoa duela.
(L.Gil)
Ideia bera errepikatu du behin eta berriz: «faxismoaren kontrako borroka» da Kieven kontra egiten ari direna.
Zer egoera duzue herrialdean gaur egun?
Minskeko Akordioetatik su-eten bat adostu zen Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliketarako. Hala ere, Ukrainako armadak Novorossiako lurraldea bonbardatzen jarraitzen du, Luhanskeko eta Donetskeko herritarrak akabatzen ari dira. Ukrainako Junta ez da su-etena errespetatzen ari, baina herri miliziak indartsuago daude armada baino. Europako Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak laguntzen ari zaizkie nabarmen. Ukrainako armadaren soldaduak faxistak dira, argi eta garbi; [Alemaniako Alderdi Naziaren talde paramilitar] SSren ikurrak eta antzeko bestebatzuk daramatzate jantzietan. Hitlerren eta haren hiltzaileen jarraitzaileak direla adierazten dute kontzientzia arazorik gabe.
Zein da Ukrainako ekialdeko gatazka honen hasieraren arrazoia?
Luhansk eta Donetskeko jendeak ez du piztu gerra hau. Bertako jendeak ez du onartu Poroxenkoren gobernua, eta herri administrazio eta polizia egoitzak okupatu zituen. Ukrainako Gobernua legez kanpo eratu zen, faxismoaren aldeko politikariak aginduan jarrita, eta Luhansk eta Donetskeko jendeak ez du aginte hori aitortzen. Guk, beraz, armak hartu behar izan genituen gure lurraldea kriminalengandik defenditzeko, ez genuen beste aukerarik izan. Herri honetako zaharrek faxismoaren aurkako Gerra Handia [II. Mundu Gerra] gogoan dute oraindik; borroka hura errepikatzen ari da gaur.
Donbasseko jendearen aurkako «terrorismoaren aurkako operazioa» aurrera doa. Zer interes du Ukrainako Gobernuak gerra honetan jarraitzeko?
EBren aldeko sektore politikoak Maidaneko protestak erabili zituen muturreko talde batzuk armatzeko. Ukrainako Gobernu berriak badaki talde horiek arriskutsuak izan daitezkeela bere kontra ere, eta Novorossiako erresistentziaren aurka bideratu ditu. Maidaneko aktibisten artean armak banatu zituen hasiera batean, eta orain Ukrainako armadara batu ditu Pravi Sektor eta halako talde naziak. Beste arrazoi garrantzitsu bat dirua da. Donbass eskualdeak baliabide natural asko ditu, eta lurralde honek diru asko eman diezaieke Ukrainari eta oraingo haren aliatuei. Dirutza uzten ari dira gerra honetan, zortzi milioi dolar eguneko, lurralde hau eurena izan dadin. Ukrainako oligarkak poltsikoak diruz betetzen ari dira.
Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerra dela esaten dute nazioarteko masa komunikabideek. Nola ikusten duzue hori?
Gezur asko esaten dituzte Donbassen inguruan, komunikatiboki bakarturik baikaude. Arazoak ditugu Internetekin eta telefono komunikabideekin. Horregatik, kanpora ateratzen den informazio urria Ukrainako komunikabideena da, eta egoeraren inguruko gezurrak esaten dituzte. Errusiako komunikabideek ere informazio zenbait ateratzen dute kanpora, baina ez dute informazio guzti-guztia ematen. Horregatik, zaila da benetan zer gertatzen den jakitea. Nazioarteko masa komunikabideek gezurra esaten dute. Gezurra da erabat Errusia gerra honetan parte hartzen ari dela. Gu errusiarrak gara kulturalki; Errusiako biztanleak anai-arrebak dira, eta jendea etorri da handik faxismoaren aurkako borrokan laguntzera, baina ez Errusiako Gobernuak edo armadak aginduta. Batailoi naziek kazetariak hil dituzte, jendea torturatu, urkatu, haurrak hil; eta argazkiak ateratzen dituzte eurek hildakoen gorpuekin. Hori ez da inon ikusten, Errusiako komunikabideetan soilik. AEBek eta EBk eskua barneraino sartua daukate gatazka honetan, baina Errusiaren parte hartzeaz hitz egiten da soilik. Kievekin su-etena adostu zuen Errusiak, eta Kievek ez du bere hitza bete. Ezinezkoa da faxistekin akordiorik egitea; hil egin nahi gaituzte, errusiarrak garelako. Jendea hiltzen dute, jolas bat balitz bezala. Odessan erakutsi dute ongi pasatzen dutela jendea bizirik erretzen ikusita.
Ukrainako beste herrialde batzuetan ere, Donbassetik kanpo, faxismoaren aurkako mugimenduak eta jendea daude. Nola lagun dezake Novorossiak?
Kiev Ukrainako muturreko nazionalismoaren hiriburua da. Lurralde hori faxismoaren hiriburua da egun, nahiz eta antifaxista ugari ere egon bertan. Komunista asko ere badago, eta jazarri egiten ari zaizkie, errusiar hiztunekin batera. Kiev errusiar etniako biztanlez dago osaturik gehienbat, baina faxismoak hartu du hiria. Mariupol, Odessa, Dniepropetrovks, Luhansk, Donetsk, Jarkov errusiar hiriak dira, Ukrainak ez du zerikusirik haiekin, eta bertan ere faxismoa lehiatu eta garaituko dugu.
Zer gerta liteke aurrerantzean Minskeko Akordioarekin?
Bake akordioa oso ahula zen hasieratik bertatik, eta Ukrainak ez du errespetatu. Egunero daude bonbardaketak Luhansk eta Donetskeko herri errepubliketan. Poroxenkok ez daki herrialdea kudeatzen, eta akordio horiek apurtuta daude, eraginkorrak ez direlako. Oso agertoki zaila dago orain aurrean. Ezinezkoa da jakitea nola erantzungo duen Ukrainako Gobernuak. Poroxenko aktore independente bat da. Agintea dutenak ezkutuan daude. Hanka bat AEBetan dauka, eta bestea, Ukrainan, Maidanen sorreratik bertatik gaur arte. Estatubatuarrek beren fundazioekin sartu zuten eskua Maidanen, eta gobernua kontrolatzea lortu dute.
Gerra irabaziko bazenute, zer estatu eredu eraikiko zenukete? Herri errepubliketan nazionalizazioak izan dira.
Orain, faxismoa garaitzea da helburua. Donbass lurralde industrializatua da, ekonomikoki bideragarria, eta gure industria mantentzea ezinbestekoa da. Horregatik gaude borrokan, gure baliabideak mantentzeko. Luhansk herri errepublika bat da eta, garaipena lortzen badugu, herriak nahi duena egingo dugu bertan. Errusiarrak eta ukrainarrak batera borrokatzen ari gara faxismoaren aurka, eta etorkizunean ere batera jarraituko dugu.
Etorkizunean Errusiaren parte izateko asmoa duzue edo estatu independente bat?
Novorossiako biztanle gehienek Errusiarekin daukate harreman gehiago Ukrainarekin baino. Eztabaida hori badago gure artean, baina oraingoz faxismoaren aurkako borrokan murgilduta gaude. Etorkizunean erabakiko dugu Errusiaren barnean sartu edo ez.
Beste herri errepublika batzuetan bezala, zuek ere eredu sozialista bat nahi al duzue?
Luhansk eta Donetskeko herri errepublikak, eta Novorossiako estatua, herriaren erabakiaren sorburu dira. Autodeterminazio erreferendum bat egon zen, eta %90ek baino gehiagok erabaki zuten herri errepublikak eratzea. Independentzia hautatu zuten, faxismoaren aurkako independentzia. Gu denok faxismoaren aurkako borrokak elkartzen gaitu. Bestelako eztabaidak garaipenaren ondoren eztabaidatuko ditugu; orain ez dago horretarako astirik.
Iturria: BERRIA.eus