(Oxandabaratz)
Gaur egun, 2014an, XXI mendean, Europaren bihotzean, gertakizun oso garrantzitsu bat gertatzen ari da. Estatu berri bat sortzen dabil, Novorossijako Herri Errepubliken Batasuna (1), momentuz Donetskeko Herri Errepublikak eta Luganskeko Herri Errepublikak osatua, baina proiektu gisa Herri Errepublika gehiago barnebiltzeko asmoa duena. 2014ko otsailaren 22an Kieven emandako Estatu-kolpearen ondorioz, edo hobe esanda, honi erantzunez, Estatu berri bat agertu zaigu.
Zergatik da Novorossijaren sorrera hain garrantzitsua? Zer ekarpen berri egiten ditu gertakizun honek? Ezkerraren aldetik kontutan hartu behar ditugun zenbait ekarpen egin ditu. Lehenik eta behin, Ukrainan, AEBren eta EBren babesaz eman den Estatu-kolpe bati erresistentzia esan nahi du. Baina Novorossija proiektua ez da 2014ko otsailaren aurreko egoerara itzultzea. Izan ere, Ukraina, SESBen desagertzerakoan federazioko Errepublikarik aberatsenetakoa zen, orain berriz SESB ohiko errepublikarik txiroenetakoa da (gogoratu behar dugu 1991an Ukrainako populazioaren %70ek baino gehiagok SESBetik banatzeari ezetz esan ziotela). 20 urtez Estatua oligarkiaren kontrolik gabeko nagusitzapean egon da, kolore guztietako gobernuak gaizkide izan direlarik (forma demokratikoak errespetatu zituen Janukovitxena barne). Hori dela eta, Novorossija proiektua ez da soilik Maidanari emandako erantzun bat, hori baino askoz gehiago da.
Zer gehiago da?
Alde batetik, Novorossijaren politikaren zantzu batzuk baditugu. Lehena, oligarken ondasunak konfiskatzeko eta herriari itzultzeko nahia adierazi izan dute eta baita egin ere. Bigarrenik industria handia “herri-jabetzaren” eskuetara pasako dela adierazi egin dute (Mozgovoi komandantearen hitzak). Novorossijan, horrezgain, osasuna publikoa izango dela adierazi dute bertako buruzagiek, eta lurzorua herri-ondasuna, ez espekulazio-bazka. Ekonomia herriaren zerbitzura eta ez oligarken zerbitzura jarri nahi izanak, modu batean iraultza txiki bat suposatzen du. Beste alde batetik, balio nazionalistak edota eslaviarzaleak ere present daudela ezin ahaztu. Agian ezkerreko norbait urduritu dezake honek, eta normala da. Hala ere, gaur egungo mundu globalistan (are gehiago Errusiaren eta eslaviar munduaren eraso inperialistaren testuinguru batean), aberria edo herria bezalako balore kolektiboak erresistentzia mamitzeko eraginkorrak bihur daitezke; beste alde batetik, eslaviar munduko ezkerreko pentsalari askok (Txernixevski, Hertzen, Lavrov), eslaviartasunaren baloreak komunitarismoan oinarrituta interpretatu dituzte. Novorossijako banderak berak ere balore kolektibo sozialisten eta nazionalen arteko bilbatze hori erakusten du.
Oligarken desjabetze honek, SESBen erorketaren ondorioz bai Ukrainan zein Errusian Estatuaren eta ekonomiaren jaun eta jabe egindako klase sozial honen uzkailtzearekin batera, SESBen desagerpena ekarri zuen prozesu politikoaren inpugnazioa dakar. SESB ohiko masa zabalek berez ikusten dute Estatu kapitalista berrien agerpenak ez diela batere onik ekarri. Kapitalismoaren behin-betiko garaipenaren mitoa erautsi egin da. Modu honetan, Novorossijak zerbait berria esan nahi badu ere, aldi berean “itzulera” bat ere planteatzen, du “lapurtu ziguten zerbait” itzultzea. SESB eta bere historia (langileen konkistak eta baita ere Aberri Gudan Handian lortutako garaipena) berriz baloratuak izaten ari dira Novorossijan.
Rafael Poch kataluniar kazetariak esaten zuen Euromaidanaren mobilizazioen arrakastaren klabe bat (kanpo interbentzioaz gain), “ametsa saltzeko” gaitasuna zela; EBk Errusiak baino erakargarritasun handiagoa zuelako populazioaren sektore zabalentzat (batez ere gazteentzat). Eta ametsa, denok dakigunez, mobilizazio faktore garrantzitsu bat da. Baina zergatik Novorossijako Herri Errepublikek lortu dute ez soilik jendeak Europar Batasuneko ametsa errefusatzea, baizik eta Errusiarekin identifikatzea; eta gainera armada askoz ere boteretsuago baten kontra gudan mobilizatzeko prest egotea?
Alde batetik, EB eta bere politikak ditugu, Maidanaren Estatu-kolpearen ondorioz Ukrainan ezarri direnak. Maidana, gogora dezagun, Ukrainako aurreko gobernuak Europako Mendebaldean integratzeari ezezkoa eman zionean abiatu zen. Eta Maidanen ikusi ziren banderak EBrenak izan ziren, EBren politikarien laguntza osoa izan zutelarik. Beste alde batetik, Maidanaren txoke indarrak eskuin muturreko alderdi eta talde paramilitarrak izan dira, gaur egun Donbassen kontrako erasoan ari diren batailoiak elikatzen dituzten alderdiak beraz. EBk Gobernu maidanistari ezarritako politikek hain zuzen ere, langileen babes-falta handiagoa egin dute: izan ere gastu publikoa eta gastu soziala (garraioa, nekazaritza, erretiroa, farmazia-produktuak) murriztu egin da. Industria nazionalari jarritako mugek, hain zuzen eskualde industrialduak, Ekialdekoak, Novorossijako Estatuaren jaiotza ikusten ari direnak kaltetzen ari dira. Eta bukatzeko, garai beltzetako oligarka bat, Petro Poroxenko ezarri du presidente gisa Maidanek. Maidanaren gauzatze honek, Ukrainako oligarkak indartu egin ditu eta langile-klaseak ahuldu.
Bestetik, Novorossijan orain “Errusia” aipatzen denean, ez dira aipatzen ari Kremlinaren politikekiko atxikimendua, eta kasu askotan ezta ere (gaur egungo) Errusiar Estatuan sartzeko nahia. Eurentzat “Errusiak” beste sentimendu eta esanahi bat du: Euro-integrazioari eta honen programa politiko eta ekonomikoari (Donbassen industrietan eragin oso negatiboak izango dituenari) erresistentzia, Errusiarekiko anaitasuna, “errusiar munduaren” (zeinaren esanahia “Errusia” edo “errusiar Estatua” baino zabalagoa den) parte sentitzea; eta guzti honen tradizio historiko gisa adibidez 1917ko iraultzak eta batez ere 1941-45 arteko Aberri Guda Handia oso gogoan hartuak dira Novorossijako masen artean. “Errusia” esaterakoan ez dira hainbeste ari Kremlinaren gaur egungo politikez (estatalismoa eta kapitalismoa bilbatzeaz, nolabaiteko zantzu kontserbakor batzuekin) baizik eta “ez Mendebaldea”. Eta Mendebaldeari alternatiba, gaur egun “Errusiaren ideian” edo “errusiar munduan” topatzen dute. Ez dira ari Errusiar Federazioaz, baizik eta “Errusiaren izenean” eratuko den proiektu berri batez. Aldi berean, Estatu kolpearen ondorioz sortutako “post-Ukraina” honen ukazioa adierazi nahi dute. (2)
Novorossija sortzen ari da, eta esan bezala, ekonomia herrikoi antioligarkiko batean eta eslaviartasunean oinarritutako proiektu bat da. Momentu honetan, konposizio anitza izaki, zaila da hartuko duen forma konkretua zein izango den aurreratzea. Izan ere, liderren artean ere nolabaiteko desadostasunak daude; adibidez, Igor Strelkov errusiar nazionalistagoaren edota Aleksei Mozgovoi edo “Motorola” gorriagoen artean. Agian beste 1917 bat gerta daiteke. Edo agian sozialismo identitario eslaviar bat atera daiteke, sozialismoa eslaviar balore komunitarioekin lotuz? Modu batean edo bestean, 1991ko liberalismoaren garaipen-segida puskatua izango da. Izan ere, liberalismo indibidualistaz edo kapitalismoaren estilokoaz bestelako Estatu bat sortuko da. Gaur egun, Mendebaldeko inperialismo ezberdinek (AEB zein EB) indibidualismoa eta liberalismoa santifikatu egiten dituzte. Munduko Estatu subirano edo anti-atlantistek (ideologia anitzetakoek), burujabetasunaz gain, nolabaiteko ideokratismoa garatu dute, hau da, ideia-gidari bat dute eta horren arabera jardute (bolibarzaletasuna, nazionalismoa edo islamismoa); honek atlantizismoari eta globalizazioari eusteko balio dielarik, baina baita aldi berean gizartea amankomuntasunaren printzipioetara biratzen duelarik (3). Gauzak honela, Estatu “komunitario” berri bat sortzea, politikoki, ekonomikoki eta geopolitikoki liberal-kapitalismoaren porrot bat izanen da.
Karl Marxek 1848ko europar iraultza-segidaren ondoren (non proletalgoa lehen aldiz subjektu politiko gisa azaldu zen, nahiz eta garaipen politikorik ez izan) ondorioztatu zuen burgesiak iraultza burges-demokratikoen programa, hau da, bere iraultzen programa sekula osorik betetzen ez zuela; proletalgoaren garaipena zela burgesiaren programa demokratikoa betetzeko modutik onena. Maidaneko altxamendua, ukrainar oligarkia “liberalak” erabat babestua zein Europako “liberalek” hauspotua, “demokrazia”, “independentzia” eta “oligarkiaren boterea bukatu!” kontsignen inguruan bilakatu zen masiboa. Altxamendu horretan, ukrainar Estatu eta gizartearen noraezari konponbidea bilatu nahi izan zioten milaka pertsona desesperatu egon ziren, eta noski herriaren parte handi bat identifika zitekeen. Baina Euromaidanak ez zuen bere esloganetan azaltzen zen programa bete; nola bete ahal zuen kanpoko eta barneko oligarkek finantzatutako/babestutako eta eskuin muturreko paramilitarrek boterera eramandako mugimendu batek? Paradoxikoa badirudi ere, Maidanaren programaren hiru puntuak; demokrazia (tokiko agintarien aukeraketa, Ekialdean ultraeskuineko gobernadoreak jartzearen ordez, alderdi aniztasuna alderdien debekuaren ordez), subiranotasuna (ekonomia herriarentzat, eta ez oligarkentzat edota Bruselarentzat) eta oligarken uzkailtzea (eta ez boteretzea, Maidanek ekarri duen bezala) Novorossijan bete dira. Novorossija al da Maidanaren programaren benetako ondorioa? A zer paradoxa! (4) Hala ere, paradoxa hau bi giltzarrirengatik uler daiteke: alde batetik Euromaidan mugimenduak uzkaili behar zuen Estatua eta Euromaidan bera, klase berdinak eusten zituen, oligarkiak. Ez zen izan 1848an bezala, liberalismoa aurreko feudalismoa uzkailtzen, baizik eta oligarka talde bat beste oligarka talde bat uzkailtzen 1991ko ondorengo egoerari segida emateko. Ez zen izan “iraultza burges” bat (1789-1848), baizik eta “segida burges bat” eta are gutxiago “demokratikoa”, demokraziaren murrizketa ekarri bait du. Bigarrenik, programa betetzeko erabilitako ideologia mobilizatzailea. Maidanen banderismoa (5), antikomunismoa eta ukrainar ultranazionalismoa izan ziren; ukrainar langile askorentzat, 1941-45eko guda oroimenean dutelarik, erabat iraingarria da hori. Novorossijaren mobilizaziorako ideia zentrala, sobietar tradizioa eta lorpenak izan dira. Ideologia mobilizatzaile parekide gisa, sobietar sozialismoa askoz ere egokiagoa da faxismo banderista baino.
Novorossijaren jaiotza ulertzeko hainbat modu daude, baina Novorossijak, jada, izatearren, momentu honetan izatearren eta borrokatzearren, munduko ezkerrari hiru ekarpen garrantzitsu egin dizkio. Hauek dira ekarpenok:
–Langile elementuaren garrantzia. Novorossija batez ere Donbasseko meatze eta industri gunean sortutako Estatua da (momentuz). Donbasseko meatzariak eta metal-langileak dira Estatu berriaren bizkarrezur soziala. Estatu berriaren borrokalariek zein liderrek behin eta berriz aipatzen dituzten ideiak izan dira “langileen duintasuna” berreskuratzea, zein “oligarkek herriari lapurtutako ondasunak itzultzea”. Herri-ekonomia mota baten berreskuratzea (nolabait SESBen garaietan egon zenaren modukoa edo behintzat garai haietako eskemen modukoa) da Estatuaren lehen kezka; 1991eko oligarken usurpazio erraldoia itzularaztea. Kontutan izan behar da Maidanak batez ere oligarkak boterean indartu dituela, eta euren programa ekonomikoa EBrekin bat egitea eta Ukrainako subiranotasun ekonomikoa galtzea eta gastu publikoa murriztea dela, zeinek Donbasseko industrien etorkizuna zalantzan jartzen duen. Hots, Europan proletalgoa subjektu politiko (nagusi) gisa hilda zegoela, eta subjektu berrietan (hiritarrak, “prekarioak”; “gazteak” eta abar) subsumitu behar zela uste zutenak oker daudela frogatzen du honek.
–Europan bertan ematen ari da, ez Latin Amerikan, Afrikan edo Asian. Hau da, ez urrutiko lurraldeetan, berez kapitalismo liberal sendo bat egon ez den lurraldeetan (edo mendebaldeko propagandista kolonialen arabera, “populismoari berez emanak diren lurraldeetan”); baizik eta kapitalismoa erabat garatutako kontinente batean, hots, kapitalismo “borobila” (liberala, nolabaiteko jarraikortasun oparoa izan duena) alternatiba gisa existitzen den lurralde batean. Novorossijak kapitalismoa oparotasunerako edo demokraziarako bidea ez dela frogatzen du.
–Gobernu aldaketa eta matxinada tresna eta ikono bezala berriz ere ezkerrarentzat, sozialistentzat, herri-soberanistentzat berreskuratzen ditu. 2000 urtetik hona, “matxinadak” eta “herri mobilizazioak” George Sorosen eta bere kumeen tresna bihurtu dira: “koloreen iraultzen” segidak izan dira horren adierazgarri. “Koloreetako iraultza” horietan (non bizkarrezur soziala erdi-mailako klaseetako populazio gaztea izaten zen), “utopia” ebokatzen zuten, “etorkizuna”. Ikur antikapitalistak ere erabiltzen ziren (ez diskurtso ezta praktika antikapitalista, baina bai honi lotutako ikurrak edota bisibilitate-keinuak). Antikapitalismo ikoniko hori eskuin neoliberalaren belaunaldi berriek bereganatzea (eta erabiltzea) lortu izan dute, ezkerra nahastuz eta ezker antiinperialista pasibitate egoera batetara kondenatuz. Azken hamarkada honetan “iraultza” bezalako hitzak erresistentzia eta subiranotasunaren kontra erabili izan dira, eta “herri boterea” herri-klaseen kontra. Honela, ezkerra (baita ere “ezker erradikala”) nahastea lortu izan da, eta kasu batzuetan agenda inperialaren alde jartzea. Novorossijako herriaren matxinadaren ondoren, ezkerrak bere kabuz proiektu berri bat mahaigaineratu du “statu quo” (maidanzaleen eta oligarken boterea) delakoa hautsiz. Iniziatiba politikoan aldaketa bat eman da (antikapitalismoaren artsenal ikonikoari lotutako ikurrak, “utopia”, “etorkizuna” edota “protesta soziala” bezalako armak, jada ez daude kapitalista neoliberalen edota globalisten esku). Antikapitalismoak eta antiinperialismoak iniziatiba politikoa eta ideologikoa berreskura ditzakete, statu quo “zenbat eta hobea” defendatzera mugatu beharrean.
Novorossijako Estatua “guztiz sozialista” ez dela esan dezake norbaitek, marxismoa %100ean defendatzen ez dutela, balore nolabait nazionalistak edota are tradizionalistak ere present daudela, edo euren sozialismo mota ez dela gure eredukoa. Baina sozialismoa edota antifaxismoa hain zentrala izanik gauza bat harrigarria egiten zaigu: Europako ezkerraren aldetik jaso izan duen hain babes txikia.
Zergatik ezker (erradikal) europarrak ez du Novorossija babesten?
Estatu berri hau ez da gaur egun Europako ezkertiarren eredu edo aipamen zerrendetan sartzen; baizik eta proiektu eta eredu ez konkretuak. Ezta ere independentisten aipamen zerrendan. Katalunia edota Eskozia ditugu hizpide, baina ez jada hauek baino lehen eratutako Estatu bat. Novorossijak badu gainera bere eredu sozioekonomiko ezberdina; hots, politikoki ezberdina izango den proiektu batean oinarritzen du bere independentzia. Gaur egun independentismoan bolo-bolo dagoen “abertzaletasunaz haratagoko diskurtsuak mamitzean”, Novorossija izan dugu independentzia politika ezberdinak egiteko erabiltze horretan aitzindari. Oinarri materialista eta langile-klasistetan eraikitako diskurtsuarekin hornitu dute Estatu berriaren proiektua.
Honen aurrean zergatik ezker europarrak ez du Novorossijaren saiakera babestu? Hainbat arrazoi agon daitezke, baina azken finean, denak batean laburbiltzen dira: proiektu hau euren eskema mental ideologikoendako deserosoa delako (George Lakoff politologoak esan zuen eskema teorikoa eta errealitatea aurrez aurre jartzean, errealitate mespretxatzeko joera dagoela). Konkretatuz, arrazoi hauek aipa ditzazkegu:
-Botere politikak edota “militarismoa”: Armaden kontrako diskurtsua gehiegi zabaldu da Mendebaldeko Europako ezkerraren baitan. Edo behintzat “pentsamendu militarraren” edota “armada hierarkizatuen” kontrakoa (“intsurgentzia” irudia izan dezaketen erakunde militarrak salbu, hauek ez bait dira “armada diziplinatu” baten kategorian sartzen). Hori dela eta ez dute/dugu gustoko Novorossijako prozesua, azken finean armadak eta diziplinak toki handi bat bait dute. Izan ere, edozein iraultza legez, boterea hartzera, edo hobeto esanda, etsaiaren botere-egitura deuseztera zuzendutako proiektu batez ari gara. Hor kokatzen da iraultzaren politika-eremu klasikoa: iraultzaren klasikoek beti esan izan dute “boterea ez dena, ilusioa da”. Hots, boterean kokatzen da klaseen arteko dialektika (Lenin). Baina Mendebaldeko ezkerrak aspaldi utzi zion boterearen inguruko ikuspegi positiboa eratzeari, boterearen inguruko irakurketa denak negatiboak dira (ezker erradikal europarrak sarri bere burua “antibotere” gisa definitu izan du. “Kontraboterea”, gaur egungo “ezker erradikalaren” ahotan, ez da botere berriaren kimua; eslogan edo dogma filosofiko bat baizik). Hots, boterea hartzeko batere estrategiarik ez du, gaitzetsi egiten bait du. Horrela ez da harritzekoa “iraultza” ahoan busti eta erabili ibiltzea, baina iraultza egiteko batere urratsik, ez teorikorik ez antolakuntzakorik, ez ematea. Honela, iraultza praktikoki kultu objektu bihurtzen (gutxiesten) da, desio bat. Europako ezkerra edozein “protesta”, auzo-protesta bat bada ere, “iraultza” kategoriara igotzeko gai da, hala, norbere inpotentzian “beste norbaitek” iraultza “enkarguz egingo ote dion” itxaropenarekin; baina benetako iraultzen ezaugarriak (boterearen lorpena, boterearen dialektika, diziplina) maite ez dituenez, benetako iraultzak arbuiatzen ditu.
-Balore sistema “periferikoa”: Novorossijako proiektu politikoaren parte bat, eslaviar edo “errusiar” baloreen aintzatespena da, edo hobe esanda, Mendebaldeko baloreen errefusa. Gaur egungo ezkerrak, batez ere 1991ko erorketaren ostean, mito eurozentrista bere egin du, hau da “Mendebaldeko zibilizazioa” aurrerapenerako bide bakarra izango balitz bezala jokatu du. “Europa, Ilustrazioaren aberria” leloa, eta honen kultura “neutrala” den kultura bakarra dela sinetsi izan du (6). Orduan, balore sistema horretatik kanpo garatzen diren proiektu politikoak a-demokratikoak, “atzerakoiak” edo “autoritarioak” iruditzen zaizkio, eta are gehiago errusiarra bezalako zibilizazio batean, hainbat aldiz gaitzetsia azken hamarkadotan. Europako ezkerrari, baita ere “ezker erradikalari”, Mendebaldeko balore sistemaren helburu den liberalismo “demokratikoa” nolabaiteko “derrigorrezko geraleku historiko” iruditzen zaio, edozein prozesu aurrerakoi bertatik pasatzeko ezinbesteko bahea bailitzan. Praktikoki, mentxebikeek 1917an egin zuten akats bera errepikatzen ari da ezkerra: Errusia sozialismoranzko bidean jarri baino lehenago, “modernizatu” beharra zegoen, Mendebaldeko eskola kapitalistan matrikulatu beharra zegoen, bestela ez zatekeen sozialismorako “heldua” egongo (Leninek “egoera konkretuaren analisi konkretua” garatuz, teorikoki eta praktikoki arrapostu ederra eman zien eta Urriko Iraultza Sozialista gauzatu).
Ezker europarrak (erradikalak baita ere), lehen aipatu Estatu ideokratikoekiko mesfidantza garatu du aspaldi, eta hauek “liberalizatu” beharra, hots, Mendebaldearen balore-sistemara ekarri beharra sentitzetik nahiko hurbil dago. Hau da, Errusia politikan eredu izateko edo aldaketa-programa batetarako zilegizko esparru edo aktore izateko bere izaerari edo garapen kultural eta ekonomikorako bere bideari uko egin behar diola, “mendebaldartu” (“deserrusiartu”?) egin behar dela partekatzen dute bai atlantistek zein europar ezkerraren parte batek (nahiz eta denok, ezker europarrak barne, badakigun ideokraziaren heriotzak Estatu horietan neoliberalismoari atea zabaltzearen arriskua dakarrela). Eta hemen Sorosen “koloreen matxinaden politikarekin” identifikatzeko arrisku handia dago, izan ere, filantropo honek, balore-sistema ez-mendebaldarretan oinarritutako gizarteak mendebaltartzeko “iraultza” eta “protesta” bezalako ikur erakargarriak erabiltzen bait ditu, honela ezkerraren dilema hori konponduz. Hau da, ezkerraren gustuko tresna eta baliabideak erabiltzen ditu bere helburuak betetzeko eta aldi berean “ezker erradikal” honen “analisia” baieztatzeko. Batzuek, ezker eurozentristak, balio-sistema errusiarraren “liberalizazioa” erdi-mailako urrats bezala ikusten dute, besteek, liberal-atlantistek, helburu gisa; baina proiektu historiko honetan bidelagun gisa aurkituko ditugu (7). Gure etxera ekarriz, Euskal Herriaz ari diren intelektual, politikari eta iritzigile askok euskal nortasuna edota honen ezaugarriak berez “nazionalista”, “identitario”, “premoderno” izango balitz bezala aurkezten dituzte, espainiarrak “neutralak” eta berez “demokratikoak eta ilustratuak” izango balira bezala (hots, demokrata edo aurrerakoi izateko bide bakarra nortasun espainiarra izatea litzateke). Horrela lortzen du espainiar nazionalismoak (nazionalismoetan nazionalistenak eta erasokorrenak) bere burua ez-nazionalistatzat aurkezten, espainiar ezkerraren parte bat, “antinazionalismoaren” mandatua jarraitu ustetan bere gurdira katramilatzen duelarik.
-Mendebaldeko ezkerrak “alde” egiteko gaitasuna galdu duelako, “kontra” egitera mugatzen delako. Ezker mendebaltarrak analisi materialista postmodernismoaz ordeztu du, programa “oposizio jarreraz” eta klase-borroka “sistemaren dekonstrukzioaz”. Hau da, “ezker erradikalak”, borroken eta subjektuen ugaltze eta atomizazioak (ekologismoa, “parte-hartzea”, horizontalismoa, hiritartasuna, ikasle borroka) eraginik, etsaia identifikatu egin du… baina ez klase edota ekonomi terminoetan, baizik eta termino manikeo edota moraletan (beraz klase kategoriak eta analisia traszendituz): borroka zelaia kolektiboa (klasekoa) izatetik, norbanakoa (morala) bihurtu da, kontzientziaren askapena helburu bihurtuz, norbanakoaren egunerokoan “sistemarekiko oposizioa” garatzea da orain mandamentua, nahiz eta ekintza kolektibo eraginkorrik egin ez. Bietako bat: edo ezker europarrari klase askapena jada ez zaio aski egiten, edo berez langile klasearekiko halako “mespretxu” inkontziente bat garatu du ekoizpen-sistemaren eragile bezala ikusiz (plusbalioaren jaranspena dela eta biktima gisa ikusi ordez; dela kontsumo-maila, dela kontzientziazio “baxua” edo “eskasa”, edota dela “ezker erradikalaren” kanon berriekin bat ez datorren beste edozer, konplize gisa ikustera pasa da). Hots, paradigma berriek ezker europarra langile klasea erakartzera jokatu ordez, zokoratzera eraman dute. Eta hemen ezkerraren beste arazo batekin egiten dugu topo. Hainbeste exijitu izan dio (europar) “ezker erradikalak” bere buruari hainbeste arlotan; non azkenean langile klasearen aurrerapenak bigarren maila batean ezarri izan diren, langile klasearen zentralitatean oinarritutako borrokak jada “gutxiegi” zaizkion. Finean, “ezker erradikalak” ezkerraren tradizio klasiko-klasista guztia zokoratu egin du. Ezkerraren iragandako garaipenak eta lorpenak gaur egun bazterrean daude “ortodoxiaren” gaitzespenaren izenean. Ideologiak, teoria koherente eta sendoak, lehen aipatutako boterearen inguruko estrategiak… erabat alboratuak geratu izan dira “ortodoxiaren” erakusgarri gisa. “Heterodoxia” jainkotu izan da, praktikoki ortodoxia berria bihurtuz. Eta baita lehen aipatutako boterearen inguruko politika “autoritarismo” gisa alboratu, “antiautoritarismoaren” dogmara atxikiz. Eta SESB izanik “ortodoxiaren” eta “autoritarismoaren” ikur nagusia, gaur egungo moda ideologikoen arabera moldatutako ezkerrari deseroso egiten zaio SESB berri baten nolabaiteko kutsua duen Novorossija aintzatestea.
-Araztasuna: Lehen komentatu dugunaren arabera, ezker erradikalaren zati batek ez ditu prozesu “eklektikoak” maite; hots, marxismo-leninismoa zorrotz (norberaren araberako zorroztasunaz) betetzen ez dutenak. Askotan hauek izaten dira Latin Amerikako prozesu bolibartarrak ere “erreformismoa” dela eta baloratzen ez dituzten berberak. Hala ere, halako kritikoek askotan euren herrialdeetan, Europan, eraikuntzarako edo are eraginerako erakutsi duten gaitasuna hutsaren hurrena izan da (agian Grezian salbu…). Baina… ez al da kritika iraultzailea guztion eginbeharra iraultzaren onerako? Ez al da kritika dialektikoa hobetzerako bidea? Ez al ditu Novorossijak ikuspuntu marxista batetatik kritikagarriak diren aspektuak? Hiru galderei eman beharreko erantzuna baiezkoa da; galdera arrazoizkoak dira. Baina kritikak, beti, ondratua izateko, norabide iraultzaileari laguntzeko, hobetu beharrez eta asmoz egin behar dira. Horretarako, ezinbestekoa da, elementu edo prozesu batean gaizki zer dagoen azpimarratzeaz gain, oker hori zergatik dagoen eta batez ere elementu edo prozesu horretan ondo zer dagoen ebaztea. Kasu honetan Novorossijaren langile-potentziala ere aztertu eta baloratu beharko litzateke. SESB osteko erregimen oligarkikoei egindako lehen desafio politikoaren aurrean gaude, aukera berri bat zabaltzen duen desafio politiko baten aurrean (eta ez prezio merkean, 6000 zibil baino gehiago hil bait dira Donbassen). Halako erresistitzeko grina azken urteotan ez du Europako beste herrik erakutsi.
-Zenbait ezkerreko alderdik edota mugimendu independentistek EB aliatutzat daukate. Ez da arraroa izan, gurean ere, Berlingo harresiaren erorketaren ondorioz Estatu sozialista nazioanitzen hondoratzea eta ordez nazio-Estatu kapitalista txikiagoak agertu izana “independentzia prozesu eredugarri” bezala aurkeztu izana (SESB eta Jugoslaviaren kasuak); nahiz eta Estatu horiek ez izan hainbeste “askapen nazional” baten desioaren ondorio, baizik eta Estatu nazioanitz ohien hondoratzearen produktua (hondoratze honek bertako ekonomia eta industriari eta batez ere klase apalei kalte egin dielarik). Prozesu horiek EBk babestuak izan dira, hori dela eta, askok EBk beren etxean ere “autodeterminazioaren babesle” gisa jokatzea espero dezakete; EBk autodeterminazioa baino bere asmo politiko eta geopolitikoak aurrera eramatea asmo duela ahantziz.
Hemen gainera beste faktore batekin egiten dugu topo. Ezkerreko mugimendu independentziazale askok, nazioarteko gatazka bat aztertzerakoan, euren herrialdeko egoerarekin paralelismoak bilatu nahian edo, “gutxiengo nazionalaren” posizioa xerkatzen dute lehenik, “gutxiengo etniko” izate soilak posizio politiko aurreratu bat aurresuposatuko balu bezala (horrek adierazten du adibidez halako alderdi askok Jugoslaviaren edota Siriaren aurkako erasoen aurrean izan duten jarrera axolagabea). Antza denez, gutxiengo etnikoak, edonon eta beti, beti zapalduak izaten ari diren ustea dago, bertako historia analizatu gabe (eta gutxiengo etniko horren baitan posizio politikoak monolitikoak izango balira gisa); eta beraz, “gutxiengo etnikoaren” eta “tokiko Estatuaren” arteko kontraesana unibertsalki nagusia izango balitz bezala jokatzen dute mugimendu hauek. Horrek eramaten gaitu herrien autodeterminazio eskubide alienaezina defendatzea eta hemendik eratorri daitekeen proiektu-ondorio jakin bat, “etnien/nazioen mapa” mapa politiko bihurtzea, nahastera (beraz, nazio-Estatu eredutik haratago ez da gizarte modurik posible ikusten inon ez eta inoiz ez; hots Estatu nazioanitzak per se “zapaltzaile” gisa erasotzen dira, sozialistak badira ere). Jakina, halako ikuspegiek arlo politikoa eta egoeraren analisi konkretua ez dute kontutan hartzen. Azken finean herriak eta etniak, “mundu koloretsu” postmoderno baten parte izango balira hartzen dira, proiektu politikorik gabekoak edota borroka unibertsal baten parte izango ez balira bezala; eta autodeterminazioa eta independentzia, eskubide bat edota proiektu bat baino (eta badira bai eskubide eta bai proiektu) fetix bat balitz bezala. Horrek ezkerra ahul uzten du inperialismoak Estatu burujabeen aurka “karta nazionala” jokatu nahi duenean.
Baina, kasu! Ez al da garbiketa etnikorik eman Ukrainan “eki-ukrainarren” aurka? Ez al dute Slaviansk hustu eta “biztanleria leialaz”, Mendebaldeko ukrainarrez bete? Ez al da bortxaketa eta hilketa masiborik eman? Ez al da II Mundu Gudatik eman den populazio zibilaren lekualdatzerik masiboena eman? Bai, hala izan da. Orduan zergatik ez dago hemen “gutxiengo nazional” honekiko elkartasuna? Erantzuna nahiko xinplea da: “errusiarrak” (ukrainar errusiarzaleak) ez omen daude “gutxiengo etniko” bezala “ofizialdurik”, “errusiarrak” sekula ezin dira “biktima” izan. Honek lotura dauka lehen aipatutako zenbait punturekin: hainbesterakoa da “errusiarren” kontrako errefusa, zein errusiarrak biktima izan daitezkeela pentsatzea ezinezko egiten zaigun. Adibide bat Krimeako aferaren gainean genuen: errusiarrak (Junta kolpistaren jomugan zeudenak, Krimeako populazioaren gehiengoa zen herria eta krimear lurra 1954 baino lehenago Errusia zela kontutan hartuta) baino tatariarrak behin eta berriz oholtzaratzen ziren posizio bat hartu aurretik.
-Putin mitoa: Novorossijaren atzean (lehenago Janukovitxek EBri ezetz esatearen erabakiaren atzean bezala), Putinen itzala ikusi dute. Eta gaur egun, Mendebaldean, beharrezkoa da Putin deabruaren pare jartzea. Paradoxikoa bada ere Putini bai legalitatea (Janukovitx) mantentzea zein matxinada (Novorossija) sustatzea leporatu izan zaio. Hau da, “inperialismo errusiarra” egon dagoenez, eta edozein inperialismo txarra denez, euren buruak gatazkatik at (edo “gatazkaren gaineko ikuspegian, aukera partisanoa hartzeaz libraturik” Imanol Galfarsorok esango zukeen bezala) ikusteko aukera izan dute. Mito honek ere badu beste elementu osagarri bat, Putinen homofobia edo matxismoarena (hasieratik honela agertu izan da analisi guztietan), patriarkatuaren paradigma balitz bezala, hain zuzen ere performance talde batek zabaldua eta europar ezkerrak xaloki hedatua (eta ezkerreko jarraitzaileen artean egin duen efektu psikologikoa agerian dago). Hala ere, “mito” honen inguruan zenbait galdera egin beharra dago. Lehena Putinen benetako inplikazioari buruz. Apenas inork itaundu du honen gainean, baina errealitate bat izan da Janukovitxen eta Putinen arteko harremanak ez zirela batere onak eta Putinen inplikazioa Mendebaldearen baino askoz txikiagoa izan dela bai Euromaidan mugimenduak boterea hartu aurretik zein ostean (ez zion Janukovitxi errusiar produktuentzako muga askeak Ukrainan eskatu, ez Aduana Batasunarekin bat egiteko, geroago Poroxenko aintzatetsi du eta errebeldeen iritziaren kontra suetena bultzatu du). Bigarrena matxismoaren edo homofobiaren inguruan eta Ukrainako gatazkarekiko egin den honen erabileraren inguruan. Ez naiz ni izango homosexualen inguruko errusiar legea defendatuko duena, nahiko kaltegarria bait deritzot; baina zilegi deritzot lege honen benetako ondorioak azaltzea galdatzea (handizkatzeak eta gezurrak makina bat egon dira, homosexualak behartutako lana egitera bidaltzen dituztela, edo harreman homosexualak debekatu dituztela). Gogoratu behar da Putin Ukrainako agintaria ez dela, beraz Ukrainako egoera aztertzeko, politikari atzerritar honen usteez aritu beharrean, koherenteago litzateke Euromaidan mugimenduak ukrainar homosexualen eskubideen inguruan izan duen eraginaz galdetzea. “Putinek zapaldutako homosexualak” behin eta berriz aipatzen dituztenak, ukrainar homosexualentzat (homosexualak benetan aintzat hartzen badituzte) ultraeskuindarrez lepo dagoen Gobernu batek boterea hartzeak izan ditzazkeen ondorioek ere kezkatu beharko zituzketen. Bestalde, “diktadore matxistaren” mitoa zabaldu dutenen artean inor gutxi ikusi dut Ukrainar Goardia Nazionaleko ultraeskuineko paramilitarrek egin izan dituzten bortxaketa sistematikoak (Saurovka herrian adibidez), ukrainar talde feministek salatutakoak, gaitzesten. Honek, Putinen etengabeko aipamenak posizio ustez neutralista bat hartzeko aitzakia besterik ez direla pentsarazten du.
Independentzia eta sozialismoa Europan bertan garatzen ari den honi ilusioaz baino mesfidantzaz begiratzen diogu. Hau zuzentzeko garaiz gaude. Baina horretarako, gurean, ezkerrean oso garatua dugun “konplexu karlista”, estrategia eraginkorrik gabeko errebeldia posera mugatzen gaituena, botere-dialektikari uko eginez eustera kondenatzen gaituena eta azken finean porrotera garamatzana gainditu behar dugu; inoren baimena edo zilegitasuna xerkatzeari utzi behar diogu.
Oharrak:
(1) Hemendik aurrera Estatu berriari (bai materializatutako parteari, zein proiektu-parteari) “Novorossija” deituko diot, laburtze aldera. Izen alternatibo gisa “Novorossijako Estatu Federala” ere erabili izan da.
(2) Ukraina lehen aldiz Estatu gisa SESB barnean sortu zen (eta SESB barruan konfiguratu zen 2014 arteko mugekin), eta Estatu independente gisa 1991an. Ukraina horren barruan historia ezberdineko eta balore ezberdinetako populazio multzoak aurkitu ziren; Ukraina Mendebaldean eta Ekialdean banatuta egonez. 1991tik aurrera, ukrainar Estatuak bi aldeen artean orekak egin arren, narratiba konpartitu bat sortu eta sozializatzerik ez zuen lortu. 2014ko otsaileko Estatu-kolpeak Ukrainaren Estatua eta ideia alde batek, Mendebaldeko aldeak, monopolizatzea ekarri izan du; Ekialdekoak “Ukraina berri” horretatik lekutu direlarik.
(3) Artikulu honetan erabiltzen dugun Estatu ideokratiko kontzeptua ez da nahastu behar Estatu antikapitalista kontzeptuarekin (kategoria honetan sartzen ditudan hainbat Estaturen ekoizpen-moldea kapitalista bait da). Kategoria honetan sartzen ditudan Estatuen gutxiengo amankomunak a) 1991ko Guda Hotzaren bukaeraren “garaipen kulturaren” oinordeko gisa ez aldarrikatzea; b) balore kultural gisa hegemonikoak ez diren beste batzuk, komunitarioak, izatea; d) Estatuaren eta gizartearen arteko harreman-definizio ideologiko nagusia “merkatu askea” (eta honen aldaerak) ez izatea eta e) aurreko hiru arrazoiei eusteko borondatea dela eta, geopolitikoki jarrera independentea izatea dira.
(4) Novorossijako hainbat buruk, adibidez Aleksandr Zakhartxenkok edota Aleksei Mozgovoi komandanteak ideia honekin bat egiten dute.
(5) Stepan Bandera (1909-1959) ukrainar buruzagi faxistari erreferentzia eginez. Bandera II Mundu Gudan Alemaniarekiko kolaborazionista izan zen, eta gaur egun ukrainar faxisten eta antikomunisten idoloa da.
(6) Marxek “klase nagusitzaileak, bere ideiak gizarte osoaren ideia bezala aurkezten ditu” esan zuen; balio-sistemetara ekarriz, kultura hegemonikoak bere burua “munduko kultura estandar” gisa aurkezten du, zibilizazioaren adierazgarri gisa. Edozein propagandista kolonialek badaki hau eta aplikatu egiten du, ezkertiarrek ere jakin beharko lukete.
(7) Honen eredu paradigmatiko bat Pussy Rioten kasuarekin dugu (artikulu honek ez du talde hau defendatzeko edo erasotzeko asmorik, eta are gutxiago errusiar sistema judizialaren garbitasuna defendatzeko, baina zenbait gauza argitu beharrean nago). Izan ere, talde honek ekintza egin zuenean ezkerrari argi agertu zitzaion: alde batetik talde punk, “anarkista”; “feminista”, “iraultzailea” eta bestelakoak; bestetik Eliza Ortodoxo “kontserbakor” eta “atzerakoia”. Beraz argi geratzen zen zeinen alde “jarri behar genuen”. Hala ere, arazoa aztertuz konturatzen gara, prezeski zein testuingurutatik atera zen talde hori eta zergatik aukeratu zuten Eliza Ortodoxoa erasoaren jomuga bezala. Izan ere Pussy Rioten aktibismo politikoa, Moskuko erdi-mailako klase “modernoen” (hots, “koloreetako iraultzak” egin izaten dituen jendearen) inguruan mugitu izan da, Aleksei Navalni politikari liberal eskuindarrari emandako babes politikoa ez da kasualitatea izan. Beste alde batetik, 90ko hamarkada “liberalarekiko” (Errusia modernoaren historian hamarkadarik okerrena) nolabaiteko eboluzio bat eman denean Estatu “ideokratiko” bat bihurtzeraino, prezeski “ideokrazia” horren ikurrak jarri ditu mugan Pussy Riot taldeak: Eliza Ortodoxoa ezagunena, baina baita aurreko sistema sobietarraren ikur batzuk (epaiketan, errusiar sistema judiziala salatzeko “sobietar sistema judiziala” zela esan zuten, “sobietar” kontzeptua negatibotasunez jantziz); baina sekula ez 90 hamarkadan Errusia porrotera eraman zuen kapitalismo liberalaren ikurrak. Izan ere, euren mezuak ez zihoazen errusiar populazioari zuzenduak (zeinak afera hau axolagabekeriaz ikusi zuen), baizik eta mendebaldeko populazioari: ezkertiarrei lehenik, eta liberalei gero (pixkanaka, Errusiaren kontrako zigorrak, edota Estatu ezberdinei “oposizio liberala” laguntzeko eskatu izan diete). Azken finean, batzuk “Punk askatasuna” defendatzen uste zuten bitartean, oharkabean, agenda politiko handiago bat martxan zegoen (Espainian atxilotutako musikariengatik sekula ez da halako nazioarteko kanpainarik eman). Praktikoki, nazioarteko ezkerrak, “Errusiaren liberalizazio proiektua” begi hobeagoz ikustea lortu zuten atlantistek.
Un comentario en «Independentzia eta sozialismoa Europan? Bai, posible da!»